AKORDIOA JOMUGA

Martxoaren 26an, Euskalduna jauregian eta Kristau Eskola antolatzaile, “Akordioa jomuga / El acuerdo como meta” izenburupeko sinposioa gauzatu zen. Eztabaida gaia, ezin interesgarriagoa. Mintzatu zirenen artean, Aitor Bilbao (Kristau Eskolako zuzendari nagusia), Isabel Celaá (Hezkuntza sailburua) eta irakaskuntzaren patronaletako ordezkariak (Kristau Eskola, Ikastolen Elkartea, AICE, EIB eta Ikasgiltza). Azken mahainguru honetan, gonbitea helarazi bazitzaien ere, ez omen zuten parte hartu nahi izan BIHE eta Sarean elkarteen ordezkariek. Arratsaldean, legebiltzarkideak izan ziren mahainguruan: Arantza Aurrekoetxea (EAJ), Vicente Reyes (PSE), Juan Carlos Castaño (PP), Mikel Arana (IU), Juanjo Agirrezabala (EA) eta Gorka Maneiro (UPyD). Mikel Basabek (Aralar) ez zuela bertaratzerik izan iragarri zitzaigun.

 

Une batzuetan, tentsioa nabarmena izan zen. Han ikusitakoaren arabera, akordioa jomuga bai, baina muga hori ez da hurbilean antzematen. Mugara ailegatzeko, ordea, ibiltzen hasi beharra dago, hitz egiten, eta sukalde lana egiten. Eta kontsiderazio guztien gainetik, argi geratu zenez, ikasleak izan behar du sistemaren ardatz eta helburu.

 

Ez dut egingo bakoitzak adierazitakoaren kronikarik, ez eta sinposiaren beraren laburpenik ere, hari bati eutsi beharko bainioke, eta horrek dexente zailduko luke nire eginkizuna. Puntu korapilotsuenei erreparatzeko aproposago ikusten dut, ordea, han aipatutako esaldi, gogoeta eta jarrera batzuk jasotzea. Gainera, modu jostagarri batean aurkezteko modua ere badela ohartu naiz: nork esan du esaldi bakoitza?, iritzi honekin bat al nator?

 

Ondoren datorrena, beraz, ez da esandako guztia, baina guztia da han esana.

 

Kristau Eskolak, Aitor Bilbaoren bitartez, “Akordioa jomuga” txostena aurkeztu zuen, aurrez HUISi eta alderdi politikoei bidalita zegoena. Txosten horren lehen partean, euskal hezkuntza sistemaren helburuak, ezaugarriak, lege markoak eta itunaren beharra jasotzen dira. Bigarrenean, eta modu grafikoan, sare publikoaren eta itunpekoaren zenbakiak, kopuruak, ratioak, kostuak eta aurrekontuak. Dena ere, akordiorako abiapuntu modura aurkeztuta, eta egoera batzuen edo besteen errudunik bilatu gabe, Aitorren hitzetan. Datuak 2006-2010 epeari dagozkio.

Gero, sailburuak hartu zuen hitza. Haren esanetan, Alderdi Sozialista izan da herri honetako orain arteko akordio handi guztien katalisatzaile. Eta legegintzaldi honetan ere —berak hala esana—, akordio asko eta zabalak lortu dira Hezkuntzan.

 

Hona, ondoko lerroetan, batzuek eta besteek esanak:

  • Administrazioa titularra izateak, batzuetan, sistema kutsatzen du
  • Sareen sistema gainditu egin behar da
  • Irakaskuntza zerbitzu publikoa da; titularra publikoa edo pribatua izan daiteke
  • Bikaintasunaren aldeko apostua egin behar dugu; adierazleak jarri behar dira
  • Premia berdinak, baliabide berdinak, eta ez sarearen arabera gehiago edo gutxiago
  • Hezkuntza sistema bikaina dugu
  • Inork ez dio eskatzen konturik itunpeko sareari
  • Irakaskuntza publikoa da hezkuntza eskubidearen garantea
  • Botere publikoek, eta ez irakaskuntza publikoak, izan behar dute hezkuntza eskubidearen garanteak
  • Celaá andreak bakarrik publikako sailburua ematen du
  • Gobernuak irakaskuntza publikoa indartu behar du, itunpekoaren kaltetan
  • Gobernuak herritarren aukera bermatu behar du, ez eredu bat edo beste
  • Eskola publikoa laikoa eta doakoa izan behar da
  • “Publiko” kontzeptuaren formulazio berri bat behar dugu
  • Akordioak behar ditugu: edukatiboak, sozialak eta politikoak
  • Gure emaitzak ez datoz bat gure maila sozio-ekonomikoarekin
  • Bikaintasun gutxi, orohar euskara maila eskasa, irakasleak ez ditugu ebaluatzen…
  • 1992ko eskola ituna 5 urterako zen; eta gauzak asko aldatu dira ordutik hona
  • Sistema hankamotz dago: Euskal eskola publikoaren legeak eskola publikoa baino ez du barne hartzen eta babesten
  • Bost herritan ez dago eskola publikorik, ikastolak bermatzen du zerbitzua
  • Irakaskuntza pribatuak merkantilizazioaren eta kohesio ezaren arriskuak dakartza
  • Itunpeko ikastetxeei ez digute hazten uzten
  • Administrazioaren planifikazioa eta gurasoen eskubidea ikastetxea aukeratzeko, biak ere, ezkondu beharreko eskubideak dira
  • Planifikazioak gurasoen aukeratzeko eskubidearen gainetik egon behar du
  • Planifikazioak ez du estutu behar gurasoen aukeratzeko eskubidea
  • Planifikazioak gurasoen aukeratzeko eskubideak ahalbidetu behar ditu
  • Osagarritasuna ala subsidiaritatea?
  • Osagarritasuna aplikatu behar da bai zerbitzuan eta bai eskaintzan
  • Planifikazioa eskubide eta betebehar berdinetan oinarritu behar da
  • % 50ek itunpekoa aukeratzen badu herri honetan, horrek beste tratamendu bat merezi du
  • Arlo honetan aldaketa sakonak behar dira eta partidu guztiek dituzte kautelak
  • Alderdi sozialistak ez du zertan sentitu interpelatua
  • Batez ere, zailtasun politikoak daude: maila pribatuan, sindikatu guztiek defendatzen dute itunpekoa; maila publikoan, aldiz, publikoa bakarrik
  • Akordioa, bai, baina legea ere behar da: ereduak, euskal kultura, finantziazioa… barne hartuko dituena
  • Legea akordioaren ondorioa izan behar da
  • “Ez digute hazten uzten” —diote batzuek—. Aizu, hezkuntza ez da merkatua!
  • Erakunde konfesional batek hezkuntza zerbitzu publiko moduan iragartzeak kontradikzioak sortzen dizkit
  • Kristau Eskolaren txostena gehiegi zentratuta dago finantziazioan
  • Lehen helburua kalitatea izan behar da; beste guztia horren atzetik dator
  • Erlijioek lekua izan behar dute euskal hezkuntza sisteman
  • Txostena oker dago: publikari egozten zaizkion diru kopuru batzuk sistema osoari dagozkion zerbitzuenak dira, esaterako, berritzeguneak
  • Itunpeko ikastetxe batzuetan derrigor behar dira autobusa eta jantokia, eta horrek desberdintasunak sortarazten ditu familien artean
  • Zerbitzu publikoa zer den zehaztu beharra dago; ez da hain erraza
  • Ikastetxe batzuek eskaintzen dutena ezin da zerbitzu publikotzat hartu
  • Publikak dispertsioa, etorkinak, premia bereziak… denak hartzen ditu. Hortik kostu handiagoa
  • Osagarritasunik ez, eta subsidiarietatea bai: botere publikoen erantzunkizuna da hori
  • Akordiorako, orain, ez dago ez dirurik, ez denborarik, ez girorik
  • Itunpekoa % 50 bada, ez dut ulertzen subsidiarietatea

 

Eta amaitzeko, tonuz kanpoko aipamen bat. Mahaiko legebiltzarkide batek, berak egindako baieztapen baten ondorioz jendarteko zurrumurru eta barre batzuk zirela-eta, zera bota zuen, ironiaz: Me alegro mucho de alegrarles la tarde… Eta itunpeko sarearen ordezkarien aldetik nabarmen geratu zen insatisfakzioa zela-eta, hauxe: es responsabilidad de quien impulsa una indignación fingida e impostada. Batzuek pentsatu genuen, hezkuntzaz jarduteaz gainera, edukazio on pixkat ere behar dela.

 

Konrado Mugertza

2012ko martxoaren 28an

 

Anuncios
Deja un comentario

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: